IDATegaz jo eta ke eta IDATshboard

IDAT
testuen azterketaz
proiektua
idatshboard
Egilea

Juan Abasolo

Argitaratua

2026-07-27

Berriz urtebete aurrekotik. Lo ez naiz egon, baina nire ikerketak hondar lar ez du utzi. Gauzak ondo bidean lorratza utziko du; eta hondarra baino oihartzuntxua ekarriko dut.

Mezu honek Etherpad instantziaren batean idatzitako testuak aztertzeko tresna batez dihardu. Idazketa prozesuari begiratzeko pentsatua.

Aspaldion IDAT paketearekin (Abasolo, 2026) ibili naiz lanean jo eta kean. Gaur, pakete hori erabilita, eraiki dudan web-aplikazio bat aurkeztuko dut: IDATshboard.

Aurretik baneukan idatzita beste bat, IDAT-app ezarri nion izena. Hari kapitulu bat eman genion, Abasolo (2024) . Oraingo honi komunikazio eta artikuluren bat idatzi dizkiot, Open erako aldizkarietan eta asmo eta esperantza dut nonbait entzun egingo dela.

Bi-biak dira IDAT paketearen gainean eraikitako web-aplikazioak, eta biek analisi antzekoa eskaintzen dute, baina historia ez dute bat; eta beraz, helburuak eta ezaugarriak ere ez. IDAT-app irakasleak gelan erabiltzeko pentsatu nuen batez ere, ikasleen prozesuak aztertu eta elkarrizketa pedagogikoari ekiteko. IDATshboard, berriz, prozesamendu bizkorragoa eta teknikoagoa egiteko hasi nintzen sortzen; zelan edo halan esanda: teknologiak eroanda garatu nuen IDATshboad eta ideiek eroanda IDAT-app.

IDATshboard

Hemen dago erabilgarri, doan eta librea: https://labur.eus/idatshboard, hemen dokumentazioa eta hemen kodea.

irudia 1: IDATshboard-en lehenengo pantaila, fitxategi bat prozesatuta; Laburpena fitxako emaitza

Berez-berez, jatorrian goiko 1 irudian ikusten den hori egiteko hasi nintzen sortzen; Etherpad fitxategiak arin aztertzeko ea ondo dauden eta ia nolako informazioa duen barruan. Laburpen fitxan, izan ere, honako informazioa ikusten da:

  • Zenbat tokitatik idatzi den eta zenbat izen eman diren (adibidean ez da eman izenik)
  • Zein presizio izan duen, batez beste, instantziak pad hori idatzi zenean.
  • Hasi eta amaitu noiz egin den
  • Azken testuaren ezaugarri kuantitatiboak (zenbat paragrafo, esaldi, berba, karaktere… dituen azken testuak). Hau da, azken testuaren ezaugarri batzuk.
  • Testuaren eraikuntza prozesuaren ezaugarri kuantitatibo batzuk (zenbat tekleatu den, zenbat itsatsi den beste nonbaitetik eta zenbat ezabatu den). Hau da, testuaren eraikuntzaren ezaugarri batzuk.
  • Egileak identifikatzeko taula bat (desizen anonimizatzailea, Etherpadek identifikatutako nabigatzailearen kodea eta emandako izena, emanda badago).

Nola erabili jakiteko, onena dokumentaziora jotzea, baina laburki heme azalpentxuren bat katxarreatzeko gogoz ari bazara.

Ez duzu R-rik ezagutu behar. Hiru urrats besterik ez:

  1. Etherpad-etik .etherpad fitxategia esportatu
  2. Aplikaziora igo eta parametroak egokitu zure beharretara (banakakoa ala taldekoa den, etentzat zenbat segundo hartu, egileak anonimizatu ala ez)
  3. “Analizatu” sakatu.

Hortik aurrera, aplikazioak berak sortzen ditu grafikoak, testuak eta taula guztiak, fitxa nabigagarrietan antolatuta.

Grafikoak, deskargagarriak edo interaktiboki erabilgarriak

Grafiko gehienak PNG formatuan deskarga daitezke, txosten edo ebaluazioetarako baliagarri izan daitezen. Baina batzuk —adibidez, idazketaren topografia erakusten dutenak— interaktiboak dira, Shiny/plotly bidez eraikita: puntuen gainean kurtsorea jarrita, aldatutako edukia, unea eta abar ikus daitezke.

Berrikuntza: idatz-ekitaldiak orain ikusgai

Bertsio berrian (v0.2.0) gauza berri bat gehitu dut: idatz-ekitaldien (bursts) fitxa. Idazketa-ekitaldi bat, funtsean, egilea aldatzean edo eten esanguratsu bat gertatzean hasten den idatz-segida da. Fitxa honek:

  • Etenen kokapena sailkatzen du —esaldi aurretik, hitzen artean, hitzaren barruan, lerro edo paragrafo jauzian—
  • Ekitaldiak denboran eta testuko lerroan kokatzen ditu grafiko batean, kolorez sailkatuta eten motaren arabera
  • Eten motaren araberako batez besteko luzera erakusten du

Sailkapen honek balio du idazketa-estrategiak antzemateko: esaldien arteko etenak, esaterako, testuaren egituraketarekin lotu ohi dira gehienbat; hitz artekoak, berriz, hiztegi mailako ezaugarriekin.

irudia 2: Idazketa-ekitaldika nola eraiki den testua. Gorrizko nabarmenduta dagoen uneak adierazten du etena egin dela hurrengo esaldi bati ekin aurretik eta ekitaldi horri dagokion testua Hala ere, egoeraz jabetzea hurrengo urratsa da

Begirada eta azterketa batez 2 irudian ikusten da idazleak esaldi osoa idatzi duela bi segundutik gorako etenen artean. Horretaz gain, azter liteke zein den idazlearen portaera berba barruko etenetan edo zein berbaren aurrean egin dituen berben arteko 45 etenak. Ikusgai dagoen grafiko eta taulen artean ekitaldien laburpena ere bada, dagozkien testuekin.

Keystroke logging-a eta IDAT

Hasiera batean IDAT aurkeztu izan dut Keystroke Logging teknikarekin lotua. Eta, egia da zelanbait lotzen dela. Baina alde nagusi bat dago: IDAT ez da Keystroke Logging egiteko tresna; Etherpad-ek berak ere ez duelako gordetzen tekleatze osoaren informazioa. Horretarako Webscriptlog (irudia 3 ) litzateke laborategi inguruko tresna egokia; aintzinako Scriptlog-en oinarritua eta euskaratzen hasi berri naizena (Frid, 2026; Strömqvist eta Malmsten, 1998).

irudia 3: WebScripLog euskaratzen hasita. Testu labur baten bista.

Etherpadek 0.5 segundutik 0.5 segundura grabatzen ditu tekleatze aldaketak, horregatik bizkor idazten duen idazle iaioaren hatzamar abiadura ez da hain erraza definitzen IDATekin. Hortik aparte, datuen jabe izanda, edozein irakasle, ikastetxe, idazle eta abarrek azter dezake idatzitakora nola iritsi den.

Gaur Adimentzat izendatzen dugun Artifizialtasun eta Alperkeria Bultzatzaile hori ikusteko ere balio lezake; idazleak idatzi egiten baitu eta alper transkribatzaileak transkribatu. Ez ditugu berdin egiten.

IDATek lanerako tresna batean, Etherpaden, idatzitako testua aztertzeko balio du; baina Etherpaden idazteak ez dauka inolako loturarik honelako analisiak egitearekin. Ezin dezakegu, baina, gauza bera esan MSOffice365, GoogleDocs edo bestelako erraldoien zerbitzuetan egindakoaz. Uste izatekoa da, euren Adimen Artifizialeko ereduak lantzeko erabiliko dituztela, baimenik gabe, eta horrelakoren batean berriro jasoko dutela Europar Batasuneko isuna, agian, ez dutena ordainduko edo pozik ordainduko dutena. Baina gure datu-sobirautza beste kontu bat da.

Nahi duenak probatzea dauka debalde goian aipatutako URLan; hori bai; 20 ordu ditut debaldeko zerbitzuan. Gastatzen denean, gastatu da; ez daukat eta zelan hasi horiek ordaintzen (ezta diru esker hasteko asmorik ere).

Idazketa prozesua irudikatzeko grafiko deskargatua, testuaren azken bertsioa hemen: Brea Ledesma (2026) .

Erreferentziak

Abasolo, J. (2024). IDAT-app. UPV/EHU. https://doi.org/10.5281/ZENODO.14860449
Abasolo, J. (2026). IDAT: IDazketan Aztertzeko Tresna. https://doi.org/10.5281/zenodo.20546509
Brea Ledesma, I. (2026). Jakintzaren trintxera. Berria, 15. or. https://www.berria.eus/iritzia/artikuluak/jakintzaren-trintxera_2156557_102.html
Frid, J. (2026). fjohan/webscriptlog. https://github.com/fjohan/webscriptlog
Strömqvist, S. eta Malmsten, L. (1998). Scriptlog pro 1.04: user’s manual. Gothenburg Sweden: University of Gothenburg Department of Linguistics.