IDAT badabil

testuen azterketaz
IDAT
Egilea

Juan Abasolo

Argitaratua

2024-09-30

IDAT, Idazketa Aztertzeko Tresna, idazketaren prozesua aztertzeko R lengoaia erabilita paketea eta aplikazioa antolatu eta idatzi ditut. Etherpad erabili behar da bertan egindakoa gero aztertzeko. Garapenean aurrera noala, badut zer erakutsi hemen.

Orain urtebete kolpe nion IDAT-en inguruan idatzitako kode guztia garbitu eta antolatzeari. Hori antolatzeko irizpideak behar nituen eta nik falta.

R lengoaia erabiltzen izan dudanez, R-rako paketea idaztea erabaki nuen eta horri ekin R Packages liburuari edixka segiduta.

Lehenengo emaitza da idat v0.1.1 paketea eta bigarren emaitza, pakete horren ezaugarri batzuk erabiltzeko sortu dudan web aplikazioa (Shiny aplikazioa, zer den dakienarentzat)

Ikasleak taldeko idazketa prozesua aztertzen idat-app erabiliaz

IDAT paketea [*]

Softwareko paketea / programatxua da, etherpad erako fitxategi asko sailean aztertzeko pentsatuta. Kodearen bIltegian ikus daiteke erabilera minimo bat. .etherpad fitxategiak norberak hainbat tokitan sor ditzake edota Wikipediako eztabaidetan interesekoren bat aurkitu. R lengoaia ezagutu behar da erabiltzeko; lengoaia ezagutzen duen edozeinentzat erraza den arren, koderik erabiltzen ez duenarentzat oso kriptikoa izan liteke.

remotes::install_gitlab('JuanAbasolo/idat')

Paketeak arazoren bat edo beste baduen arren, balio du honelakoak irakurtzeko Etherpad fitxategi batean:

  • Aldaketa bakoitza zein izan den
  • Non egin duen
  • Ordenagailuaren identifikazioa
  • Egileak bere burua izen batez identifikatu badu, nork egin duen
  • Noiz egin duen
  • Egileen gaineko informazioa anonimo egin (izenak eta bestelako identifikatzaileak ordeztu kode batez)
  • Identifikatu lerro aldaketak, lerro barruko aldaketak, copy+paste erako jokabideak identifikatu (nork zer itxatsi duen zer noiz)
  • Aurretiko datuetan oinarritutako testuen eraikuntzaren adierazpen grafikoak

idat-app on-line aplikazioa [**]

Hori edozeinek erabili ahal izateko pentsatuta dago, ikastetxe batzuetan entzundakoa kontuan hartu dut aplikazio praktiko batzuk sortzeko. Helburua da x idatziaren idazketa prozesua aztertu ahal izatea. Beraz, banan banan aztertuko dira .etherpad fitxategiak; taldeko lanak izan zein banakako idatziak izan.

Aplikazioa fitxaka dago antolatuta eta zenbait informazio ematen du, klik batzuk eginaz.

“idat-app” aplikazioaren pantaila argazkia

Fitxategia igo behar da eta esan behar zaio ea egile bakarrak egindakoa den ala talde batek egin duen, horren arabera analisi batzuk desberdinak izango baitira.

  1. Lehenengo fitxan eta analisian esaten du identifikatutako egile bakoitzak zenbat idatzi duen, zenbat itsatsi duen, zenbat ezabatu duen, idazten zenbat denbora iragan duen eta idazketa prozesuan dagoela zenbat denbora pasatu duen zer idatziko pentsatzen (hau da, 2 segundu baino gehiago pasatu idatzi barik eta 20 segundu baino gutxiago, bestelako zereginetan ibili dala suposatu behar da 20 segundutik gorako etenen ondoren). Azken lehenengo emaitza da makinatzeko abiaduraren kalkulua (zenbat karaktere minutuko, igarotako denbora eta idazten pasatutako denpora kontuan izanda).
  2. Bigarren fitxan azken testua osorik irakurtzen da, formaturik gabe (ez letra etzanik ez letra lodirik ez ezer; testu hutsa)
  3. Hirugarren fitxan testuaren eraikuntza irudikatzen duen grafikoa dago. Egile bakoitzak zein lerrotan prozesuko zein unetan zenbat idatzi edo kendu duen adierazten duena.
  4. Laugarrenean, egile bakoitzak zenbat idatzi duen eta zenbat ezabatu duen adierazten duen grafikoa dago.
  5. Bosgarrenean copy+paste eran testuari gehitutako testuen txostena eskaintzen da. Nork zein lerrotan zein luzerako testua itsatsi duen eta testua bera.

Bosgarren fitxan zein testuko tamaina hartuko den kopiatzat zehatz daiteke aurrez, bai eta idazketa prozesuan hausnarketan hasten dela erabakitzeko denbora luzera ere.

tentuz erabili

Hilean ordu erdiko erabilera du on-line aplikazioak.

Honetarako dirurik ez daukadanez, debaldeko erabiltzailea sortu dut zerbitzarian.

Beraz, mesedez, erabili nahi duzun beste, baina saiatu ez amaitzen… eta amaitu bada, ba, hurrengo hilera arte itxaron beharko da ibili dadin.

Aurkezpen batzuk

Euskaraz

Ikastetxeetarako

Gaztelaniaz

Asmoak asmo

Asmoa izan da 2024ko udan euskarazko aldizkariren batean argitaratzea pakete honen berri; bihar-etzi ingelesezkoren batean argitaratzeko euskarazko erreferentzia duela. Baina 2025ak joko didala esango nuke.

Beste asmo bat izan da testua unerik une kalkulatzeko aldagaia ere izatea, testu bateko une zehatz bi alderatu ahal izateko. Hori ere 2024ko udan hasteko. 2025ean hasiko ote naiz?